Martxoko agendan denetarik sartu dugu!
- 2026/02/24
- Berriak
Martxoa ekintzez beterik izango dugu Torrekuan. Oraingoan ere, publiko zabala jasotzeko asmoz, eskaintza desberdinak burutuko ditugu.
Ohi bezala, hilabete bakoitzeko bigarren asteartean,"Teknologia Denontzat" tailerra izango dugu. Talaios Kooperatibako langileen eskutik, eguneroko teknologiak era seguro eta pribatuan erabiltzen irakatsiko zaie herritar orori. Zalantzarik baduzu martxoaren 10ean, asteartea 17:00etatik 19:00etara Torrekuako hirugarren solairuan aurkituko duzu zalantzak argitzeko txokoa.
Hurrengo egunean, martxoaren 11ean hain zuzen ere, “Repair cafe” tailerra burutuko dute Bikonet Kooperatibako kideek. Etxetik ekarritako tresnak (ordenagailuak, telefonoak, tablet-ak…) konpontzeko tailerra izango da. “Bota? Ez! Konpondu” lelopean, matxuratutako tresnen berrerabilpena eta bigarren bizitza bat ematea bultzatu nahi du ekimenak. Saioa Torrekuako lehen solairuan izango da arratsaldeko 17:30etan.
Martxoaren 12an, otsailean abiatu genuen ostatatze tailerrari jarraipena emango diogu 17:30etatik 19:30etara. Auto-ostatatze tailer hau (Selfhosting) Talaios Kooperatibak antolatuko du. Bertan zure internet propioa sortzeko aukera izango da. Tresna libreak domeinu propioan ostatu eta erabiltzeko gakoak ikasiz eta auto-ostatzearen kultura ezagutuz, Torrekuaren inguruan sortu nahi den komunitatea garatuko dugu. Edozein informatika maila duen pertsonentzako dago bideratua. Nextcloud, Moodle, Pasahitz kudeatzaileak, argazki artxibategi propioa... tresna ezberdinak online jarri eta mantendu nahi duen orori zuzendua.
Martxoaren 13an, ostiralean, hilabeteko Urtzi Urkizuren “Streaming aroa” liburuaren aurkezpena izango da Torrekuako hirugarren solairuan 18:00etan. Ekhiñe Atorrasagastiren gidaritzan, liburuari buruzko zehaztapenak eskainiko dizkigu Urtzik, plataformek egungo gizartean jokatzen duten paperaren inguruan hausnartuz eta horietan euskarak duen tokiaren inguruan eztabaidatuz.
Jarraian, martxoaren 26ean, Bideojoko (mod) garapen tailerra izango dugu Talaios Kooperatibaren eskutik arratsaldeko 17:30-19:30 bitartean. Software librea erabilita bideojokoen garapenean murgilduko gara Bideojoko (mod) tailerrean! Luanti joko librea oinarri hartuta geure mod-ak garatuko ditugu... eta online mundu bat jarriko dugu martxan! Godot-ekin arituko gara baita ere.
Hilabetearekin amaitzeko, martxoaren 31ean, Oarsopedia berreskuratuko dugu, hamaiketako formataurekin berriz ere. Kasu honetan, kalera atera eta argazkiak aterako dizkiogu inguruari, ondoren commonsera igotzeko. Ohi bezala, 11:00etan elkartuko gara Torrekuan.
Kontsultatu edukiak gure hilabeteko paskinean! Deskargatu eta zabaldu sarean edo inprimatu eta zure espazio, lantoki eta herrietan partekatu. Animatu eta eman izena gustuko dituzun guztietan!
**Ekitaldi guztiak doakoak izango dira eta euskararen erabilera lehenetsiko den arren, edozein pertsonak parte hartu dezake.
Torrekuako hilabeteko agenda
Kontsultatu edukiak gure hilabeteko paskinean! Deskargatu eta zabaldu sarean edo inprimatu eta zure espazio, lantoki eta herrietan partekatu. Animatu eta eman izena gustuko dituzun guztietan!