Torrekuan ez diogu lan egiteari utziko apirilean!
- 2026/03/30
- Berriak
Apirilean ere, opor egunak gora-behera, Torrekua martxan izango da!
Ohi bezala, hilabete bakoitzeko bigarren asteartean,"Teknologia Denontzat" tailerra izango dugu. Talaios Kooperatibako langileen eskutik, eguneroko teknologiak era seguru eta pribatuan erabiltzen irakatsiko zaie herritar orori. Zalantzarik baduzu apirilaren 14ean, asteartea 17:00etatik 19:00etara Torrekuako hirugarren solairuan elkartuko gara ahalduntze teknologikoa garatzeko.
Hurrengo egunean, apirilaren 15ean, lehen aldiz ardoarekin lotutako Wikimedia edukiak aztertu eta landuko ditugu modu komunitarioan. Unea probestuko dugu Biba Ardoak kooperatiboko ardoen dastaketa egiteko ere. Hau guztia arratsaldeko 18:00-20:00 bitartean izango da.
Apirilaren 16ean, berriz ere, ostatatze tailerrari jarraipena emango diogu 17:30etatik 19:30etara. Auto-ostatatze tailer hau (Selfhosting) Talaios Kooperatibak antolatuko du. Bertan zure internet propioa sortzeko aukera izango da, Torrekua komunitateko babesarekin batera. Edozein informatika maila duen pertsonentzako dago bideratua. Nextcloud, Moodle, Pasahitz kudeatzaileak, argazki artxibategi propioa... tresna ezberdinak online jarri eta mantendu nahi duen orori zuzendua.
Apirilaren 26ean kale-tailerra antolatu dugu. "Hobetu zure kalea! Openstreetmap eta bestelako tresnekin" izena nahikoa deskriptiboa bada ere, ekimen honek Orereta-Errenteria herriko kaleetan deskribapen zein mapeatze ohitura egokiak ikasten eta lantzen arituko da. Ikasitakoa, beste herrietara aplikatu ahalko da, hori du helburu nagusi. Mapa tresna hegemonikoak deseraikitzea, mapa tresna burujabeetan gure herriak eraikiz. Torrekua eraikinaren atean izango da elkarreratzea 17:30etan eta 19:30ak arte jardungo da ekimena.
Hilabetearekin amaitzeko, apirilaren 30ean, Bideojoko (mod) garapen tailerra izango dugu Talaios Kooperatibaren eskutik arratsaldeko 17:30-19:30 bitartean. Software librea erabilita bideojokoen garapenean murgilduko gara Bideojoko (mod) tailerrean! Luanti joko librea oinarri hartuta geure mod-ak garatuko ditugu... eta online mundu bat jarriko dugu martxan! Godot-ekin arituko gara baita ere.
Kontsultatu edukiak gure hilabeteko paskinean! Deskargatu eta zabaldu sarean edo inprimatu eta zure espazio, lantoki eta herrietan partekatu. Animatu eta eman izena gustuko dituzun guztietan!
**Ekitaldi guztiak doakoak izango dira eta euskararen erabilera lehenetsiko den arren, edozein pertsonak parte hartu dezake.
Torrekuako hilabeteko agenda
Kontsultatu edukiak gure hilabeteko paskinean! Deskargatu eta zabaldu sarean edo inprimatu eta zure espazio, lantoki eta herrietan partekatu. Animatu eta eman izena gustuko dituzun guztietan!